Sahara Cross lasterketaren sorrera

Ormaiztegiko herritar talde baten ekimenez eta Udalarekin elkarlanean, 2006an hasi zen Sahararen aldeko herri lasterketa bat antolatzeko lana.

Lasterketaren helburuak zehazteko orduan, aldarrikapena, kirola eta alderdi ekonomikoa uztartzea pentsatu zen. Jarraibideak markatuta, lasterketaren planteamendua erraza da; egun bakar batez bada ere, jendea saharar herriaz oroitzea nahi dugu. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den herria, duela 30 urte baino gehiagotik bere lurretatik kanpo.

Kirol arloari dagokionez, 10 km-ko hiri-ibilbidea egitea planteatzen dugu, fisikoki oso zorrotza ez dena; hala ere, proba hori amaitzean eta luzeegiak iruditzen zaizkienetan pentsatuta, mundu guztiari, haurrei barne, irekitako kilometro bateko lekukotasun-lasterketa bat egingo dugu.

Gai ekonomikoa ere ez dugu alde batera utzi nahi, saharar herria muturreko baldintzetan bizi da, eta kanpotik iristen zaien laguntza guztia gutxi da; beraz, inskripzioekin eta babesleen laguntzarekin biltzen den diru guztia saharar herriaren onerako izango da. Diru hori helarazteko, Gipuzkoako Sahararen Lagunen Elkartea dugu, errefuxiatu-esparruekin zuzenean harremanetan dagoena.

Mohamed Salem Hach Embarek

2005. urtea, saharar herri eta lagunentzako albiste txar batekin hasten genuen, Mohamed Salem Hach Embarek heriotza. Bere ezagun eta lagunek Pakito deitzen zuten maitasunez, eta naziorteko diplomazia lanetan makina bat urte pasa izandakoa genuen.Garai hoietan Euskadiko Saharawien Delegazioarentzako zegoen lanean. 

Mohamed Salem Ormaiztegin bizi zen, urte asko pasa izan bazituen ere atzerrian, bere familia hemen zeukan ,bere emaztea Gurutze Irizar (Fatimetu, erizaina, 1975eko exodoa eta beste 14 urte ere igaro zituen saharawien errefuxiatu kanpamendutan) eta seme-alaba, Garazi eta Beñat.

Mohamed Salem-ek diplomazia-lanak burutu zituen munduan zehar 1976. urteaz geroztik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari bezala. Eskandinabiar herrialdeetako enbaxadore (Suedia, Norbegia, Finlandia, Danimarka), Indian, Londresen, Asian… Jomeiniren garaian Iranen enbaxada irekitzeko abilezia ere izan zuen. Indiara zihoan Saharako lehenengo diplomatikoa izan zen eta hauek Errepublika Saharawia nazio bezala onartu zezaten lortu zuen, 1986. urtean.

Munduan zehar herri asko ikusi zituen, lagunak nonahi utzi zituelarik ere. Berak esaten zuen bezala, 1976. urtean Saharatik irten zenean ez zekien beste hizkuntzik, ez eta diplomatiko ofizioa, baina ederki moldatu zen 30 urtetik gertu bere herriaren ordezkari lanetan.

Mohamed Salem bere Sahara herrikideen artean aski ezaguna eta maitatua zen, bere umore ona eta irrifar alaitsuari esker; saltsa guztien perexila bezala, jendea bere inguruan elkartzen zuen bere esperientzi politikoetan bizitako gertakizun eta pasadizoekin. Horrelaxe oroitu nahi dugu.

Ina lilahi wa ina ileihi rayiun.
Jainkoak har dezala bere Edenik onenean.